07/10/2024
Hilabete pasatu denean..
2024ko irailaren 7a. Bakarrizketak
Pasa den irailaren 7an, ohitura legez, Hondarribiko udal korporazioak, meza nagusia ondoren, Arma Plazan aurreskua dantzatu zion herriari. Aurtengoa txistuz eta txaloz beterikoa izan zen. Jarraian Hondarribiko EHBilduko bi zinegotzien bizipenak jasotzen dira, barne elkarrizketa moduan, bizipen bakoitza, norberarena delako.
GAROA LEKUONA IZETA. Hondarribiko EHBilduko zinegotzia
Batu naiz eliza barrutik datozen gainontzeko zinegotzien prozesiora, horiek elizatik atera bezain pronto. Lerroan goaz Kale Nagusitik Arma Plazara, txistularien doinua jarraituz. Geratu gara. “Ui, ze arraro”. Begirada luzatu eta aurrean alkandora zurizko gizon kuadrila bide erdian. “Aber, ze liada dugun”. Alkandora zuriko gizonak Bretxa kalera doaz, eta batzuk gu pasa behar garen espaloiaren ertzean geratu dira. “Bale, nire aldean ditut”. Bagoaz kalean gora, txisturen bat entzuten da alkandora zurien gunetik, baita beso batzuk ere, mugimenduan. Gero eta txistu gehiago. Alkandora zurietako bat oihuka, aurpegia desenkajatua. “Bere amak ere horrelakoa jartzen zuen Jaizkibel Konpainiari barrikadak egiterakoan… zer den gorrotoa…”. Txistuen hotsari txifloak gehitzen zaizkio, geroz eta fuerteago. Metro gutxi dira plaza bitarte, baina pasilloan barruraino noala areagotu egiten da txistu eta txifloen zarata. “Uf, ze mina, ahaztua nuen txistu eta txifloen ziztada belarrian… Garoa, eutsi, gu beti elegante, ez zaitez txikitu, gora”. Tentetu dut gorputza, altxatu dut begirada eta herritarrak ikusi ditut plazan sartzerakoan txaloka. Indartsu, sutsu. “Listo, orain txaloak, babesa, gure jendea. Uf”. Txifloa ahoan zuen atsoaren aurretik pasa naiz. “Noiztik izango du mesanotxian gordeta? Prestatuta etorria da”.
Kokatu naiz dantzatzeko tokian. Bihotza lehertzear sentitzen dut. “Puf, aspaldi horrela”. Txistuak eta txaloak, baina bereziki txaloak. Eskubiko kideak txaloka ditugun herritarrei txaloka hasi dira. “Ba bai, arrazoi, ez dakit zein den protokoloa, baina berdin zait! Merezi dute!”. Militantzia txaloka dugu, behean, balkoietan. Txaloak nagusi. “Uau! Ze indarra! Bueno, badirudi dantzatuko dugula, zarata ixiltzen doa”. Hasi da musika. “Benga, zu irripartsu eta gozatu, herritarrek gure bertsiorik hoberena merezi dute eta!”. Bukatu da aurreskua. “Ez naiz nahastu eta alkatea ere ez. Ondo!”.
Bagoaz plaza uzten eta Kale Nagusian behera. Berriz txistuak eta txifloak. Alkandora zuri bat orain eskubialdean. ¡Fuera, fuera, sin vengüenzas! “Bueno, nahiko suabe dabil, p**a eta bigotudarik ez gaurkoan”. Bagoaz poliki-poliki udaletxeraino. “A ze hanka sartzea betikoena… jabetuko dira noizbait beraien hanka sartze bakoitzak konponbidearen bidean aurrerapausoak dakartzala? Bueno, ea Koldo nola d**oen… Hondarribian biolentziaren maila oso altua barneratua dugu batzuek, baina begirada arrunt batetik, hau benetan fuertea da”.
KOLDO RODRIGUEZ AKARREGI. Hondarribiko EHBilduko zinegotzia
Udaletik elizarako bidea egin dugu, erdaraz esaten den bezala “calma tensa” bizitu dut, gorrotozko begiradak zeharkatzen naute. Aurten ere elizara ez sartzeko hautua egin dugu eta kanpoan geratu gara beste zinegotzien zain. Salvearen ostean jendea elizatik ateratzen hasi da, Garoa alde batean d**o eta ni bestean, besteen zain, ez nago lasai. Halako batean elizatik ateratzen den emakume batek “maricon asqueroso” deitu dit, Garoari begiratu diot, barnea bor-bor dut. Beste zinegotziekin batu, eta plazarako bidea hartu dugu, orduan hasi dira irainak eta txistuak. Banekien hau gertatu behar zela, azken egunetan sare sozialetan troll ugarik esandakoen eta botatako gezurren fruitua da hau, baina bada gauza kurioso bat, giroa berotzen ibili diren guztiak amankomunean gauza bat dute: alderdi jakin batekin lotura. Irainak eta txistuek ez dute bukaerarik, berotzen ari naiz, egia esan batzuetan arin berotzen naiz, baina “formak, autokontrol Koldo, autokontrol” esaten diot nire buruari. Plazako sarreran EAJko zinegotziari beraien jendea dela aurpegiratu diot, eta beraiek berotu dutela giroa. Ez nuen hau egin behar, baina askotan egin eta gero konturatzen zara.
Plazan sartzean txistuak eta txaloak nahastu dira, dena ez da zabarkeria. Herritarrak gure alde daudela ikusteak emozioa sartzen dit, hasiera baten aurreskua ez dantzatzeko asmoa nuen. Lehen notak hastean lurrean esertzeko asmoa nuen, baina herriak merezi duela erakutsi didate txaloka dabiltzanak. Aurreskua hasi da eta pentsa baino arinago bukatu da. Bukaeran ukabila altxatzea atera zait, pentsatu gabeko keinua izan da, duintasunaren keinua eta ez, batzuek saldu nahi izan duten modura, zerbait irabaztearen adierazgarria. Ez dut gertatzen ari dena irabazi edo galdu dikotomian jartzen.
Plazatik atera eta udalerako bidean ere denetarik entzun dugu, berriz ere “maricon asqueroso”. Ez dakit emakume berdina den edo beste bat, baina nire barruan diot, “bai, maricon eta harro nago”. Udalera heltzean barneak gainez egin dit, antsietatea sentitzen hasi naiz, eskerrak Garoa eta Lupe hor dauden ni lasaitu eta baretzeko. “Ez dugu merezi gertatu dena”, diot nire buruari. Politikan denak ez du balio eta “calma” eskatzen duten horiek dira giroa berotu eta gaiztotu dutenak, haserre nago beraiekin, baina harro herriarekin.
Hondarribiko Hitza Antxeta Irratia